XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Asteko berriak. De Gaulle Irlandan

Joan den ebiakoitzean, berria hedatu da de Gaulle frantses president ohia Irlandan zela.

Colombey-les-deux-Eglises deitu herriko jauregitik joan da denen ixilik.

Egon toki berrirat heldu eta du bakarrik jakin munduak nun zen de Gaulle jenerala, Irlandako xoko hortan, itxasoari hurbil nahi zuela egon Frantziako bozkak iragan artio.

Zendako ote piaia hori? Hau eta hura diote bixtan den bezala kaseta egilek, baizik eta ikustearekin berak segitu sailetik aldatzen zela Pompidou, nahi izan duela de Gaullek Frantziatik urrundu eta bere gisa utzi gaulixten president gaia.

Bainan, oro bat, ez da hain urrun xekatu behar egia.

Aspaldiko partez nahi izan du de Gaullek bakantza poxi bat hartu, hameka urte Frantziaren buru egon ondoan baitu ere pausatzearen beharra.

Dena dela, Irlanda hego-mendebal aldeko otel batean dago bere andrearekin eta aintzindari lagun batekin, izigarriko leku ederrean omen.

Joan den igandean herriko erretora jin zaio mezaren emaiterat, bertze nehor ez baita sartu, ez sartzen ahal ere, etxe hortan.

Alta han daude potret ateratzaleak eta kaseta egileak, noiz ikusi eta mintzatu ahalko duten de Gaulle jenerala.

Vietnameko gerla

Egun hotan berriz aipu dute azkarki Vietnameko gerla.

Orai artio Pariseko bilkurek ondorio guti ukan dute ez baitute denek xede bat baizik, bertze alderdiaren gain ezartzea makur guziak.

Berrikitan ahatik, Ipar aldeko komunixtek bakeari buruz zonbait xede agertu dituzte hamar pundutan.

Eta aldi huntan ez dituzte baztertu xede horiek Amerikano eta Hego aldekoek aitortu ere dute badirela pundu horietan hiru bederen berehala ikert ditazkenak bereziki presionerren libratzeaz.

Bertzetaz ere mintza ditake, bainan ikusiz, xede horietan baitira zonbait etzazkotenak gustatzen Hego aldekoeri, hala nola gobernu berri baten muntatzea Hego aldean, bazterrerat utziz oraiko buruzagiak.

Bixtan da ez dutela gustukoa hori Thieu eta Ky jeneralek.

Politikaz eta diplomaziaz Parisen baliatzen diren denbora berean, indar gaitza ere egiten dute komunixtek Hego Vietnamean.

Bortizki bonbardatu dituzte eta atakatu Amerikano eta Hego Vietnamtar soldadoak.

Dalat hirian frantses kontsulako etxea arras andeatu dute bonbardamendu horiek eta kontsul jauna bere espos lagunarekin kolpatuak izan dira.

Libanoko armada ez kontent

Zonbait aste hotan bazterrak arras nahasiak dira Liban herrian.

Gobernua lurrean dute eta bertze bat nihundik ere ezin xutik ezar.

Bertzalde armada ere kexatzen hasia dute.

Alabainan han dituzte Paleztinatik ihes jinak araba soldado andana bat.

Paleztinatar komando horiek Libaneko mugetan daude, mugari hurbil eta handik sartzen dira Izraelek hartu lurretan bere ukaldien egiteko.

Komedia hortaz asetzen hasiak dira Izraeldarrak, eta zerbait makur edo desmasia egiten diotelarik Paleztinatar horiek, Libaneko herrieri mendekatzen dira Juduak.

Libaneko armadaren aintzindariak ez dira kontent, ondorio on guti baitute ororen buruan josteta horiek, eta nahi luzkete araba soldado horiek handik kasatu edo bederen geldirik egon arazi.

asser Egyptoko buruzagia jin zaiote kontseilu emaiterat.

Ahatik Izraeldarrek berriz ere jakin arazi diote Libaneko buruzagieri, Jordaniarentzat bezala, boteari emanen dutela beti errefera...

Alaman dirua

Buru berotze frango emaiten diote alaman diruak herri gizoneri.

Alabainan sobera azkar da alaman marka, haren indarrak ttipitzen du bertze diru guzien balioa.

Ainitz sal eta guti eros, beti aberasten ari dira Alamanak.

Hots behar lukete garbiki aitortu eta erakutsi ez dela behar den heinean alaman marka eta beraz goititu haren balioa.

Hola gehiago eros lezakete berek eta gutiago sal eta bertze diruek har lezakete indar poxi bat...

Alaman diruaren goititze horren berria agertu delarik, dirudun frangok beren ontasunak pasa arazi dituzte Alamaniarat, marka erosiz merke zen denboran, zer irabazia etzuten eginen diru hori goititzearekin!

Ez dira guti enganatu! Alaman gobernuan etziren akort pundu hortan.

Zozialixtak prest ziren arrotz herrien galdeari baietz erraitea.

Girixtino demokratek aldiz etzuten holakorik nahi diruaren goititze hortan ez baitzuten alamanek abantailik kausituko.

Azkenean denek onartu dituzte Kiesinger lehen minixtroaren xedeak eta beren marka hein berean atxikiko dute Alamanek.